2014(e)ko apirilaren 15(a), asteartea

Proiektuak :: Etxebizitza unifamiliarra Ondarretan :: Erreferentziak


Tailerreko lan luze baten ondoren, azken proiektua egiteko garaia iritsi da. Honakoan, Ondarretako orube batean, etxebizitza unifamiliar bat eraikitzea eskatu zaigu, eta horrekin batera, proiektuari hasiera emateko bi arkitekto ezberdin aukeratu eta bakoitzetik obra bat eskematikoki aztertu behar dugu erreferentzia gisa.

Nire hasierako ideia japoniar arkitektura tradizionalean oinarritutako etxebizitza eraikitzea da. Horregatik, lehenik aztertuko dudan arkitektoak japoniar arkitekturaren influentzia izan duen bat da, AEBko Frank Lloyd Wright alegia.

Frank Lloyd Wrightek mota ezberdinetako proiektuak burutu zituen, baina kasu honetan, oso ezagunak diren belardi etxeetako bat (gazt.: casas de la pradera; ing.: Prairie Houses) aztertuko dut.

Goetsch-Winckler house

1. Fatxadaren azterketa:

Horizontaltasuna. Wrighten gehiengo etxeetan agertzen da. Teilatu lau, zabal eta itzal handia ematen dutenak erabiltzen ditu. Horrekin, kanpoaldeko terraza (estalita dagoena) barnealdekoa izango zelakoaren itxura ematen dio. Gainera, arkitekto amerikarrak erabilitako eskala ez da oso handia, bere tamainako pertsona batentzat pentsatuta baitago (1.75m) eta horrek etxea baxua eta luzea izatea behartzen dio, horizontaltasunak are eta garrantzia gehien har dezan.

Teilatu horizontalak.



2. Barne-banaketa

Wrighten etxeen beste ezaugarri bat barne banaketetan tabikeen falta da. Bere hitzetan, "kutxak beste kutxen ondoan edo barruan sartzea, gelak sortzeko... zeldetan bizitzea bezala da, familia kartzelaratuz". Horregatik, tabikeak eta banatze elementuak desagertarazi zituen, beste banatze teknikak sortuz. Gurutze edo "L" formako oinak, sabaien altuerekin jokatu, kota aldaketak eta abar erabiltzen zituen. Kasu honetan, oinaren forma bereziaz eta sabaiaren altueraz baliatzen da banaketak lortzeko, espazio osoa batuz baina aldi berean desberdinduz:

Egongela, Sukaldea, logelak, Komuna.



3. Argiztapena

"Leiho-zulo gutxiago baina leihate handiagoak". Lema horretan oinarritu zen Wright bere karrera osoan zehar. Leiho askeak erabili beharrean, gela bakoitzaren beira eta argi kantitatea kalkulatu eta dena batzen zuen, leihate handiak sortuz. Argia etxearen barnera filtratzeko erabiltzen zuen, baina baita kanpoaldearekin (naturarekin)  harremana lortzeko ere, barnealdea kanpora ateratzeko ahalegin batean.



Beste argazki batzuk: